lunes, 12 de enero de 2009

EUSKAL MITOLOGIA - MARI


Euskal Mitologian hain garrantzitsua den Mariren bizitzan sakondu ostean, goazen ba orain honen barnean agertzen diren beste pertsonaia mitologiko batzuk ezagutzera, guztiz sakondu beharrean, gainetik bada ere.


JENTILAK (edo Mairuak): Kristautasuna agertu orduko Euskal Herrian bizi ziren pertsonaiak dira, orduko Euskal Herritarrak alegia. Oso handiak eta indartsuak dira. Mendian bizi dira eta erasotzen dieten etsaiei harri handiak botaz egiten diete aurre. Hauek dira nekazaritza lehen ezagutu zutenak eta gizakiei asko irakatsi dietenak.


LAMIAK: Erreka zuloetan bizi diren izaki lirainak dira. Ahate edo ahuntz hanka bat izaten dute eta gizaki guztiak liluratuta usten dituzte. Grezia eta Erromako Mitologian ere agertzen dira.


TARTALO: Tartalo izaki gaiztoa dugu, begi bakarrekoa. Honek gazteak harrapatu eta jan egiten ditu. Greziako Mitologian dauka jatorria.


BASAJAUN: Basoko jauna. Handi, indartsua eta ulea belaunetara iristen zaion pertsonaia dugu. Artaldeak saintzeaz gain (abereak otsoetatik babesten ditu), artzainei oihu eginez ekaitza datorrela adierazten die. BASANDERE, bere andrea da. Erdi Aroan euskara hitz egiten zen tokietan, izen ezberdinez ezagutzen dena.


SORGINAK: Gauez biltzen ziren, Akelarre izeneko bileretan. Sarritan asto, katu edo pizti itxura hartzen dutela esaten ohi da. XV - XVII. mendeetan sorginen aurkako epaiketa asko izan ziren Euskal Herrian, non auzo-liskarrak, sineskerak, erlijioa, politika, etab. oso nahasita zeuden.


SUGAAR (edo Maiu): Suge itxura duen Mariren senarra da. Ekaitz eta trumoiekin harreman handia dauka eta besteak beste gurasoei kasurik egiten ez dieten seme-alabak zigortzen ditu.


MIKELATS eta ATARRIBI: Mari eta Maiuren seme ona eta gaiztoa. Bakoitzak izar bat dauka, distira ateratzen duenaren arabera Euskal Herriarentzat sorte ona edo txarra ekarriko du.


GALTZAGORRIAK (Mamurrak ere deituak): Guretzat zailak diren zereginak egiten laguntzen dute. Oso txikiak dira, titare baten lau sartzen dira.




domingo, 11 de enero de 2009

EUSKAL MITOLOGIA - MARI

MARI - KONDAIRAK, IPUINAK...

Azken kondaira hori internetetik atarata dago, Mari izena duen orrialdetik hain zuzen ere. Bertan Anbotoko Damaren inguruko hainbat eta hainbat kondaira eta istorio biltzen dira.
Kondaira honen hartzaileak bai irakurle helduak eta baita irakurle gazteak dira. Mota honetako kondairak publiko orori eskeintzen zaizkio, zabalak, ulergarriak direlako.
Kondaira honen inguruan ez da dago aparteko informaziorik, ez jasota dagoen urtea, ez iturria baina Arratiarra naizenez gero badakit kondaira zaharra dala. Dime eta Arratiako bailaran belaunaldietan zehar ahorik aho trasmititzen joan dena.
Hau aukeratu izanaren arrazoi bat hori berori izan da, Arratiarra naizenez gero entzunda neukan istorioa eta bestetik mariren alderdi edo hobeto esanda Mariren izaeraren alderdirik gogorrena ere ikustea.
Mariren opariak eta Mariren aholkuak protagonista ditugu hainbat eta hainbat istorioetan baina Anbotoko Damaren haserre bortitzak protagonista dituzten istorioak aurkitzea zailago da. Edo bere izaera gogor hori azalerazten dituzten istorioak aurkitzea alegia.
Horregaitik kondaira honen aukeraketa, Mariren bihotz onaz gain, bere karakter, izarea gogorra ere ikusgai izateko. Izan ere Anbotoko Damaren haserreak omen dira gure ekaitz bortitzen iturri.

sábado, 10 de enero de 2009

EUSKAL MITOLOGIA - MARI



MARI - KONDAIRAK, IPUINAK...

“Kondaira honek ehiztari batzuei buruz hitz egiten du. Behin mendietatik zehar ehizan ari zirela, azeri bat ikusi zuten. Azeria ehiztarien presentziaz jabetu zenean ihesean hasi zen, hauek bere atzetik abiatu zirelarik. Bat-batean azeriak bere burua inguratuta ikusi zuen eta zer egin ez zekiela, leize bat ikusi zuenean korrika batean bertan barneratu zen. Ehiztariek ez zekitenez zer egin azeria bertatik atera zedin, lurrean aurkitu zituzten harriak hartu eta leize barnera jaurtitzen hasi ziren. Halako batean, leize barnetik haize indartsu bat atera zen eta ehiztari guztiak zekarren indarraren ondorioz lurrera bota zituen. Begiak irekitzean, haizea hodei baterantz urruntzen ikusi zuten. Zer gertatu ote zen? Egun hartan Anbotoko Dama, Mari, leize barruan zegoen atsedena hartzen, jaurtitako harriek esnatu zuten eta horregatik atera zen haserre bizian.
Imajinatu ze punturaino iritsi zen Mariren haserrea, ehiztari guztiak bizi guztirako gaitz mordo batekin zigortuak izan zirela.”
Kondaira honen eta horrelako beste askoren ingurutik dator, harriak leize barrura botatzearen susmo txarra. Bertan Mari lotan egon daitekeelako eta bera esnatzen ausartzen denak, gaitz guzti hauek jasan ditzakeelako. Hori da behintzat, aspaldiko euskaldunak esaten zutena.
Horregatik bakean utzi behar dira leizeak, bere barnean sorginak, lamiak eta iratxoak bizi direlako.
Esaten dutenez istorio hau Baltzolako kobetan gertatu zen, Bizkaian, konkretuki Arratia haranean kokaturik dagoen Dima herrian.

viernes, 9 de enero de 2009

EUSKAL MITOLOGIA - MARI


MARI - KONDAIRAK, IPUINAK...------HAURRENTZAKO EGINAK

Esan bezala aurreko ipuin horren egilea, Juan Manuel Etxebarria Ayesta dugu. Etxebarriak 1983an publikatu zuen umeentzako literatura bezala, Mari ipuina. Ibaizabal argitaletxearen bitartez argitalatu zuen.
Egileak, Mariren istorioa ipuin batean plasmatzen du. Publiko gaztetxoenari zuzendutako ipuina hain zuzen ere. Aintzineko ipuin honetan Mariren gainean dagozan kondaira eta istorioak jasotzen dira gaztetxoenentzat egokituta daudelarik. Ipuin zahar hau bizkaieraz idatzita dago eta letra gutxiz eta marrazki biziaz horniturik dauden 12 orrialdek osatzen dute .
Ipuin honen publikoa edo hartzailea 9-10 urteko haurrak dira, beraien konprensio maila liburuaren mamia eta istorioa barneratzeko egokia delako.
Ipuin zahar hau aukeratu izanaren arrazoia, aberasgarria eta oso praktikoa dela izan da. Lehen hezkuntzako irakasleak izango garen einean, mota honetako ipuinak apaletan eta denboran zehar galdu behar ez diren liburuak direla deritzot. Bertako istorioak, kondairak eta orrietan plasmatzen diren belaunaldietalo istorioak, Euskal Herriko puntu geografikoen zerrendatzea, eta hiztegiaren aberastasunak datozen mendeetan zehar trasmititzen jarraitu beharrekoak direla deritzot. Urteakaz ipuinak modernizatu egin dira eta ikasleei ipuin barriak, ipuin egokituak, bertsioak erakusteko aukera anitz daukagu baina denboran zehar atzean geratzen diren hasierako ondasun literario horiek berreskuratzea gure ardura dela deritzot eta oso lan polita gainera. Hau izan da behar bada klasiko hau berreskuratu edo esku artean erabili nahi izanaren arrazoia nagusia.



jueves, 8 de enero de 2009

EUSKAL MITOLOGIA - MARI



MARI - KONDAIRAK, IPUINAK...------HAURRENTZAKO EGINA

“ Jesukristo jaio baino urte asko lehenago, Bizkaiko baserritxu zahar baten ama-alaba bi bizi ziran. Ama langilea zan eta egun guztian zehar lan eta lan ebilen bere etxe inguruko solo eta mendietan. Alabea ostera alper-alperra zan eta ule gorriak orraztu eta orraztu igaroten ebazan egunaren ordu guztiak eta iluntzean beti legez lanik egin barik.
Ama ona baino hobea zan baina egunero ekintza bardinetan lanaren lanaz nekaturik ebilen, hezurrak lokatuta, buruko min kendubakoarekin eta ezertarako gogo barik lan guztia beretzat zalako.
Egun baten, beti legez, eguneroko lana amaitu eta gero heldu zan etxera eta bere alabea lanak egiten barik, orraztu eta orraztu ikusi ebanean, pazientziatik urtenda eta odolak ur eginda, maldizio bat bota eutson esanez: “Alaba alperra eta bihotz gogorra, zoaz nire etxetik gutxienez Anbotoko lezara eta ez zaitez etorri gehiago”.
Esan baeban ze, ama-alabak banandu ziran. Ama etxean geratu zan eta alabea maldizioaren indarrez garretan! Joan zan Anbotoko lezara eta helduaz batera : ANBOTOKO SEÑOREA bihurtu zan.”

JUAN MANUEL ETXEBARRIA AYESTA-ren ipuinaren moldaketa.

miércoles, 7 de enero de 2009

EUSKAL MITOLOGIA - MARI

MARI- BIZIMODUA, OHITURAK, PORTAERAK...(II)

Mariri egin ziezaiokeen eskaintzarik ederrena haren kobazulora ahari bat eramatea zen, inongo zalantzarik gabe. Euskal Herriko elezahar ugaritan animalia hau agertzen da Marirentzat espezierik kuttunena bezala.
Kristautasunaren aurreko garaietan, oso usadio zabaldua zen kobazuloan txanponak uztea, eskaintza gisara.
Bada ohitura bat, duela gutxi arte Ataunen eta Nafarroako hainbat herritan bizirik iraun duena eta, dudarik gabe, Mari gurtzeko errituen artean oso zabaldua dena, haitzuloetara harriak jaurtitzea, hitz hauek esanez:
“Au iretzat eta ni Jainkoarentzat”
Saran eta Liginagan, harritxoak zuhaitzen adaburuetan jartzeko ohitura da, sinisturik halako eskaintzarekin zuhaitzok fruitua ematea lortuko duela.

Marirengana aholku eske edo bisita egitera doanak baldintza hauek bete behar ditu:
- Hiketan hitz egin behar zaio.
- Haitzuloan sartu den bezalaxe irten behar da gero; norbait barrurantz begira sartu bada, barrurantz begira irten beharko du, atzeraka ibiliz.
- Mariren egoitzan dagoen bitartean ez bedi eseri, ez eta hark esertzeko gonbitea egiten badio ere.

Era berean, Mariren haitzuloetan gonbidatu gabe edo baimenik gabe sartu eta harena den zerbait behar ez bezala beretzat hartzen duenak zigorra edo zigorraren mehatxua izango du gero.

lunes, 5 de enero de 2009

EUSKAL MITOLOGIA - MARI

MARI - BIZIMODUA, OHITURAK, PORTAERAK...


Mariren ohiko bizilekuak Lurraren azpian diren parajeak izaten dira. Baina paraje horiek lurrazalarekin bide batzuen bitartez komunikatzen dira; bide horiek, haitzuloak eta leize-zuloak dira. Horregatik agertzen da Mari beste batzuetan baino maizago zulo horietan. Hala nola: Baltzola (Dima), Supelaur (Orozko), Anboto, Atxorrotz (Eskoriatza), Zaldiaran, Aketegi, Agamunda (Ataun), Gaiztoizulo (Aloña), Murumendi (Beasain), Marizulo (Amezketa), Akelarre (Zugarramurdi)…
Zazpi urtetik zazpi urtera mugitzen da leize batetik bestera argi biziz inguraturik, suzko bola baten moduan.

Normalean uste izaten da Mariren bizitokiak dotore jantziak daudela eta urrea eta harribitxi ugari direla haietan.
-Aketegiko kobazuloan oheak urrezkoak dira, Zegamakako kontu zahar batek dioenez.
-Arrobibeltzen (Askaine) bizi den Leizeko Andrea urrezko besaulki batean esertzen da.
-Zarautzen esaten dute Marik, hari matazak askatzeko, urrezko harilkaia duela eta Anboton, Mari azaldu ohi den haitzuloan, gauza asko daudela, urrezkoak diruditenak; baina, behin kanpora atera ondoren, makila ustel bihurtzen direla.
-Otsabioko haitzuloan urrezko zekor bat dago (Lizartza).
-Ziortzako aspaldiko beste elezahar batek dio Marik bere preso zuen emakume bati esku bete ikatz erregalatu ziola eta, gero, kobazulotik irtetean, ikatza urre bihurtu zela.

Marik agindupean dituen jenio zerbitzari mordoxkaz gain, neskatxa gatibu bat ere agertzen da bere kobazuloan. Motibo bat baino gehiagogatik iristen da baldintza edo egoera horretara. Batzuetan esaten da ama baten konpromisoa edo promesa betetzea izan dela. Beste batzuetan, neska gatibua amak botatako madarikazio batengatik iritsi izan da egoera horretara.