lunes, 5 de enero de 2009

EUSKAL MITOLOGIA - MARI

MARI - BIZIMODUA, OHITURAK, PORTAERAK...


Mariren ohiko bizilekuak Lurraren azpian diren parajeak izaten dira. Baina paraje horiek lurrazalarekin bide batzuen bitartez komunikatzen dira; bide horiek, haitzuloak eta leize-zuloak dira. Horregatik agertzen da Mari beste batzuetan baino maizago zulo horietan. Hala nola: Baltzola (Dima), Supelaur (Orozko), Anboto, Atxorrotz (Eskoriatza), Zaldiaran, Aketegi, Agamunda (Ataun), Gaiztoizulo (Aloña), Murumendi (Beasain), Marizulo (Amezketa), Akelarre (Zugarramurdi)…
Zazpi urtetik zazpi urtera mugitzen da leize batetik bestera argi biziz inguraturik, suzko bola baten moduan.

Normalean uste izaten da Mariren bizitokiak dotore jantziak daudela eta urrea eta harribitxi ugari direla haietan.
-Aketegiko kobazuloan oheak urrezkoak dira, Zegamakako kontu zahar batek dioenez.
-Arrobibeltzen (Askaine) bizi den Leizeko Andrea urrezko besaulki batean esertzen da.
-Zarautzen esaten dute Marik, hari matazak askatzeko, urrezko harilkaia duela eta Anboton, Mari azaldu ohi den haitzuloan, gauza asko daudela, urrezkoak diruditenak; baina, behin kanpora atera ondoren, makila ustel bihurtzen direla.
-Otsabioko haitzuloan urrezko zekor bat dago (Lizartza).
-Ziortzako aspaldiko beste elezahar batek dio Marik bere preso zuen emakume bati esku bete ikatz erregalatu ziola eta, gero, kobazulotik irtetean, ikatza urre bihurtu zela.

Marik agindupean dituen jenio zerbitzari mordoxkaz gain, neskatxa gatibu bat ere agertzen da bere kobazuloan. Motibo bat baino gehiagogatik iristen da baldintza edo egoera horretara. Batzuetan esaten da ama baten konpromisoa edo promesa betetzea izan dela. Beste batzuetan, neska gatibua amak botatako madarikazio batengatik iritsi izan da egoera horretara.

No hay comentarios:

Publicar un comentario