jueves, 8 de enero de 2009

EUSKAL MITOLOGIA - MARI



MARI - KONDAIRAK, IPUINAK...------HAURRENTZAKO EGINA

“ Jesukristo jaio baino urte asko lehenago, Bizkaiko baserritxu zahar baten ama-alaba bi bizi ziran. Ama langilea zan eta egun guztian zehar lan eta lan ebilen bere etxe inguruko solo eta mendietan. Alabea ostera alper-alperra zan eta ule gorriak orraztu eta orraztu igaroten ebazan egunaren ordu guztiak eta iluntzean beti legez lanik egin barik.
Ama ona baino hobea zan baina egunero ekintza bardinetan lanaren lanaz nekaturik ebilen, hezurrak lokatuta, buruko min kendubakoarekin eta ezertarako gogo barik lan guztia beretzat zalako.
Egun baten, beti legez, eguneroko lana amaitu eta gero heldu zan etxera eta bere alabea lanak egiten barik, orraztu eta orraztu ikusi ebanean, pazientziatik urtenda eta odolak ur eginda, maldizio bat bota eutson esanez: “Alaba alperra eta bihotz gogorra, zoaz nire etxetik gutxienez Anbotoko lezara eta ez zaitez etorri gehiago”.
Esan baeban ze, ama-alabak banandu ziran. Ama etxean geratu zan eta alabea maldizioaren indarrez garretan! Joan zan Anbotoko lezara eta helduaz batera : ANBOTOKO SEÑOREA bihurtu zan.”

JUAN MANUEL ETXEBARRIA AYESTA-ren ipuinaren moldaketa.

miércoles, 7 de enero de 2009

EUSKAL MITOLOGIA - MARI

MARI- BIZIMODUA, OHITURAK, PORTAERAK...(II)

Mariri egin ziezaiokeen eskaintzarik ederrena haren kobazulora ahari bat eramatea zen, inongo zalantzarik gabe. Euskal Herriko elezahar ugaritan animalia hau agertzen da Marirentzat espezierik kuttunena bezala.
Kristautasunaren aurreko garaietan, oso usadio zabaldua zen kobazuloan txanponak uztea, eskaintza gisara.
Bada ohitura bat, duela gutxi arte Ataunen eta Nafarroako hainbat herritan bizirik iraun duena eta, dudarik gabe, Mari gurtzeko errituen artean oso zabaldua dena, haitzuloetara harriak jaurtitzea, hitz hauek esanez:
“Au iretzat eta ni Jainkoarentzat”
Saran eta Liginagan, harritxoak zuhaitzen adaburuetan jartzeko ohitura da, sinisturik halako eskaintzarekin zuhaitzok fruitua ematea lortuko duela.

Marirengana aholku eske edo bisita egitera doanak baldintza hauek bete behar ditu:
- Hiketan hitz egin behar zaio.
- Haitzuloan sartu den bezalaxe irten behar da gero; norbait barrurantz begira sartu bada, barrurantz begira irten beharko du, atzeraka ibiliz.
- Mariren egoitzan dagoen bitartean ez bedi eseri, ez eta hark esertzeko gonbitea egiten badio ere.

Era berean, Mariren haitzuloetan gonbidatu gabe edo baimenik gabe sartu eta harena den zerbait behar ez bezala beretzat hartzen duenak zigorra edo zigorraren mehatxua izango du gero.

lunes, 5 de enero de 2009

EUSKAL MITOLOGIA - MARI

MARI - BIZIMODUA, OHITURAK, PORTAERAK...


Mariren ohiko bizilekuak Lurraren azpian diren parajeak izaten dira. Baina paraje horiek lurrazalarekin bide batzuen bitartez komunikatzen dira; bide horiek, haitzuloak eta leize-zuloak dira. Horregatik agertzen da Mari beste batzuetan baino maizago zulo horietan. Hala nola: Baltzola (Dima), Supelaur (Orozko), Anboto, Atxorrotz (Eskoriatza), Zaldiaran, Aketegi, Agamunda (Ataun), Gaiztoizulo (Aloña), Murumendi (Beasain), Marizulo (Amezketa), Akelarre (Zugarramurdi)…
Zazpi urtetik zazpi urtera mugitzen da leize batetik bestera argi biziz inguraturik, suzko bola baten moduan.

Normalean uste izaten da Mariren bizitokiak dotore jantziak daudela eta urrea eta harribitxi ugari direla haietan.
-Aketegiko kobazuloan oheak urrezkoak dira, Zegamakako kontu zahar batek dioenez.
-Arrobibeltzen (Askaine) bizi den Leizeko Andrea urrezko besaulki batean esertzen da.
-Zarautzen esaten dute Marik, hari matazak askatzeko, urrezko harilkaia duela eta Anboton, Mari azaldu ohi den haitzuloan, gauza asko daudela, urrezkoak diruditenak; baina, behin kanpora atera ondoren, makila ustel bihurtzen direla.
-Otsabioko haitzuloan urrezko zekor bat dago (Lizartza).
-Ziortzako aspaldiko beste elezahar batek dio Marik bere preso zuen emakume bati esku bete ikatz erregalatu ziola eta, gero, kobazulotik irtetean, ikatza urre bihurtu zela.

Marik agindupean dituen jenio zerbitzari mordoxkaz gain, neskatxa gatibu bat ere agertzen da bere kobazuloan. Motibo bat baino gehiagogatik iristen da baldintza edo egoera horretara. Batzuetan esaten da ama baten konpromisoa edo promesa betetzea izan dela. Beste batzuetan, neska gatibua amak botatako madarikazio batengatik iritsi izan da egoera horretara.

EUSKAL MITOLOGIA - MARI

MARI - DESKRIBAPEN FISIKOA

Ele zaharretan Mari emakumezkoa da. Sarritan agertzen da andere dotore baten moduan jantzita, Durango aldean entzundako kontakizunetan, bere eskuetan Marik urrezko jauregi bati eusten diola azaltzen da. Era berdinean adierazita agertzen da Elosun, Begoñan, Azpeitian, Zegaman, Errenterian, Azkaine eta Leskunen jasotako kontakizunetan. Azken herri horretan, esaten dute gona gorria janzten duela.
Beste forma hauetan ere agertu ohi da:
-Anderea 4 zaldiz tiraturik airea zeharkatzen duen orga batean eserita.
-Dama, ahari baten gainean eserita doala.
-Emakumea su lamak jaurtikitzen ikusia dute Zaldibian.
-Emakumea, sutan bildurik eta airean luze etzanda zerua zeharkatzen duena.
-Emakumea, sua dariona, batzuetan herrestan erratz bat eramaten duena atzean, beste batzuetan kateak.
-Emakume handia, bere buru ilargi beteaz inguraturik duena.
-Emakumea, hegazti hankak dituena.
-Emakumea, ahuntz hankak dituena.
Irudi hauetan ere agertu da:
-Aker irudian
-Zaldi irudian
-Bigantxa irudian
-Belearen irudian
-Putrearen irudian
-Arbolaren irudian
-Haize bolada moduan
-Hodei zuri moduan
-Ostadarraren irudi gisan ikusi izan dute
-Suzko globo baten forman
-Suzko igitaiaren irudia hartzen du sarritan
-Damatxo deitzen diote Mariri Lizarragan eta esaten dute Putxerriko haitzuloraino joaten dela hegan txinpartak jaurtiz
-Harri bilakaturik dago gutxi gora behera giza soin enbor baten antzera

Herri kontakizunetan Mari irudia desberdin ugaritan azaldu arren, denak bat datoz jenio hau emakumea delakoan.
Marik, animalia irudia hartzen du normalean, lurpeko bizilekuetan; gainerako irudiak, lurraren azalean edo airetik zeharkatzen denean.

viernes, 26 de diciembre de 2008

EUSKAL MITOLOGIA - MARI

MARI - IZAERA PSIKOLOGIKOA


Euskal mitologiaren baitan, Mari da gure irudirik behinena. Honen inguruan urteetan zehar gorde eta belaunaldiz belaunaldi transmititu diren istorioak eta kondairak ugariak izan dira.
Mari, lurraren ahintzinduria da eta ahaide edo jenio guztien amatzat hartua izan da. Esan bezala bere irudiaren gainean hainbat eta hainbat istorio eder eta ezberdin asko daude baina gehienetan goraipatzen da, dama ederra dela. Emakume dotore eta presentzi handikoa, ikusgarria. Lurpekoen andere, trumoi eta tximisten gidaria, aberatsa eta ibiltari bezala deskribatzen da Anbotoko dama.
Kondaira batzuen arabera, hain edertzat jotzen den Dama honek, seme bi izan zituen Majurekin (honekin batzean sekulako ekaitzak sortzen omen zituen), Atarrabi eta Mikelats, beste batzuetan berriz Don Diego Lopez de Harorekin elkartu eta seme-alaba bi izan zituela esaten da, Iñigo Guerra eta neska bat.
Mari izendatzeko badira erabiltzen diren hainbat izen; Maya, Ioana Gorri, Lezeko andre, Aralarko Dama, Basoko Mari, Gaiztoa, Anbotoko Dama… .

Anbotoko damaren inguruan beti esan izan da badakiela gaiztoak zigortzen eta zintzoak saritzen. Bihotz onekoa dela zintzoekin eta benetan krudela eta gogorra portaera aluen aurrean. Gezurra, lapurreta eta harrokeria gaitzesten dituela. Bere nahien artean beti egon izan da hitza betetzea, elkar onartzea eta elkarri laguntzea. Gaiztoei uztak hondatu eta zintzoei lurreko emaitzak ugaritu eta iturriko ur onak ematen dizkie. Bihotz behera eta borondate oneko andrea da Mari baina era berean amorrurik bizienarekin ehundaka ekaitz sortarazi ditzake bere haserreak. Injustiziak eta asmo txarrak erabat mesprezatzen

lunes, 22 de diciembre de 2008

EUSKAL MITOLOGIA-MARI

Goazen ba, hauetariko pertsonaia batzuren zein besteren bizitza sozialean, izaera psikologikoan eta fisikoan sakontzen. Interesgarria baita guzti hau ikusi eta kondairaren bat edo beste ezagutzea.

Has gaitezen, nire uste umilean guztietatik ezagunena eta Euskal Kulturan barne garrantzitsuenetarikoa den pertsonaia mitologiko batekin; MARI-rekin hain zuzen ere.


MARI - SINBOLOGIA


Mari, Euskal Herrian Jainkosa, “Dama”, “Señorea”, Ama “Andere”...bezala ezagutzen dena.
Alde batetik, euria eta agortea ekartzen dituena da bera. Onaren (euria) zein gaizkiaren (agortea) sortzailea. Basatia da baina aldi berean emankortasun, oparotasun eta osasunaren babesle ere bai. Beraz, Anderea naturaren irudikapen hutsa dugu.

Bestalde, denboraren jainkosa ere badugu. Loa eta Denboraren arteko lotura, handia da. Josu Naberani jarraituz, Maia edo Mari, Jainkosa baino Dama, Anderea edo “Señorea” da. Aldakorra eta apetatsua dugu, natura eta bizitza bera bezala.
Honez gain, Mariren erlazioak Hestia jainkosa greziarrekin kontutan hartzekoak dira, biak etxearen (sukaldeko suaren egoitza, familia eta defuntuena) babesleak baitira.
Ongiaren eta gaizkiaren artean kokatzen dugu. Marik batzen du batuta ez dagoena, orekatzen desoreka eta egokitzen desegokia dena.
Bere ezkerreko eskuan ispilu bat dauka (armarrietan zilarrezkoa izaten da) heriotza sinbolizatzen duena; ispiluak ilargiaren begi zurbila dirudi, sorgin batena hain zuzen. Zoritzarrezko eskuan daukan ispiluaz hildakoak jasotzeko gaitasuna du. Beste eskuan orrazi bat dauka , urrezkoa alegia, ilea apaintzeko. Metal honi esker eguzkiaren gorritasuna du, hildakoak berpizteko gai da.
Amaitzeko, Mari Lurraren sinbolo edo pertsonifikaziotzat daukagu. Euskal mitologiako erdigunea da eta bere eragina arlo guztietan dago, baina bere ezaugarri zehatzek Lurra edo Ama Lurra dela azpimarratzen dute. Honez gain eta lehenago aipatu dugunez, Marik arbaso kategoria dauka, Bizkaiko Jaunen arbasoa baita.

jueves, 4 de diciembre de 2008

EUSKAL MITOLOGIA - LEKU ETA PERTSONAIA MITOLOGIKOAK

LEKU MITOLOGIKOAK





__________________________________


PERTSONAIA MITOLOGIKOAK
LEKU MITOLOGIKOEI dagokienez tokian tokiko aldatzen joaten dira. Hauek naturan barne, hainbat eta hainbat tokitan kokatzen dira. Mendi, leize, baso apartatu, zein ibai, erreka eta aintziretatik hasi eta aintzinako baserri edo gaztelu zaharretara heldu arte. Adibide giza, Bizkaian dagoen Dima herriko Baltzolako Kobak ditugu (argazkietan ikusgai).
PERTSONAIA MITOLOGIKOEKIN, lekuekin bezalaxe gertatzen da. Lurraldearen arabera, eta honen barnean herrien arabera, pertsonaia bakoitzaren ezaugarri fisiko zein psikologikoak aldatuz joaten dira.
Pertsonaia mitologiko ugari aurkitu ditzakegu, asko entzunak direnetatik hasi (MARI daukagu adibidelez) eta oso ezagunak ez diren hainbat eta hainbatera heldu arte (adibidez: URTZI). Dena den, aurretik esan dudan bezala, bakoitza bizi den tokiaren arabera, ezagupen puntu hauek aldatuz joango dira.
Hona, internetetik jasotako EUSKAL JAINKOEN FAMILIA-ren zuhaitza:
Mari ------ Sugaar------> Mikelats eta Atarribi
Sugaar------Mundakako printzesa------> Jaun zuria
Amalur------> Eguzki amandre eta Ilargi amandre
Atarribi------Eguzki amandre------> Amilamia, Urtzi eta Basajaun
Basajaun------Basandere
Amilamia------> Lamia
Hemen ere, komentatu beharra dago, kondaira ezberdinen arabera familia zuhaitz eredu hau aldatuz joan daitekeela, pertsonaia berriak barneratuz, dauden batzuk mantenduz eta beste batzuk aldatuz.